Deustuko Unibertsitatea

*
**
*



Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremua

Batasuneko estatu kideak eta Europako beste herrialde batzuk, guztira 40, "Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremura" elkarganatzeko prozesuan murgildurik daude. Beren helburuetako bat hezkuntza eredu ugaritasuna etetea da, eta titulazio sistema malguagoa, herritarrentzat ulertzen eta konparatzen errazagoa izango dena, lanerako aukera gehiago emango dituena, ikasleen eta langileen mugikortasuna erraztuko duena eta, azken batean, Europako goi mailako hezkuntza erakargarriagoa eta lehiakorragoa egingo duena sortzea. Areago, Europako eredu honek beste kontinente batzuetako goi mailako hezkuntza ereduetan eragina izatea nahi da, mundu mailako erreferentziako eredua izan dadin. 

1995 eta 2000 bitartean, eztabaida handia izan zen hezkuntza eta prestakuntzaren inguruan Europan. Erreferentziako lehenengo elementua Europako Batzordeak prestatutako Hezkuntza eta Prestakuntzari buruzko Liburu Zuria da, 1996an argitaratua. Liburuaren lema hauxe da: "Ikasten irakatsi: Jakintzaren Gizartera bidean".

Liburu honen atzetik etorri ziren eztabaida handiak eta estatuetako txostenak, Erresuma Batuko Dearing txostena (1997), Frantziako Attali txostena (1998), edo Espainiako Bricall txostena (2000), besteak beste.  

Horrekin batera, Europako goi mailako hezkuntzako ministro arduradunen arteko itunak sortzen hasi ziren. Jatorria 1998ko Sorbonako itunean aurkitu genezake, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Italia elkartu zituen hartan. Geroago horra biltzen hasi ziren beste herrialde batzuk ministroen gailurretan: Bolonian (1999an, 12 herrialderekin, mugimendua sendotu zuen erreferentzia puntutzat hartzen da), Pragan (2001ean, 33 herrialderekin) eta Berlinen (2003an, 40 herrialderekin).

Boloniako Itunak "Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremua" eraikitzeko oinarriak ezarri zituen. Printzipio batzuen inguruan antolatu zen (kalitatea, mugikortasuna, aniztasuna, lehiakortasuna) eta helburu estrategiko batzuk lortzera bideratu: Europar Batasunean enplegua sortzera eta Europako Goi Mailako Hezkuntza munduko beste toki batzuetako ikasle eta irakasleentzat erakargarri bihurtzera.

Sei dira Boloniako Itunean jasotako helburuak:

  • Erraz ulertzeko eta konparatzeko moduko titulazio sistema hartzea, beste kontu batzuen artean Diplomaren Gehigarri bat ezarriz.
  • Funtsean, bi ziklo nagusitan oinarritutako sistema hartzea.
  • Kreditu sistema bat ezartzea, ECTS sistema, hain zuzen.
  • Europa mailako lankidetza sustatzea, konparatu daitezkeen irizpideak eta metodologiak garatzeko kalitate maila ziurtatu ahal izateko.
  • Europako dimentsioa sustatzea goi mailako hezkuntzan, curriculumaren garapenean aparteko enfasia eginez.
  • Mugikortasuna sustatzea eta unibertsitateetako eta Europako goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuetako ikasle, irakasle eta administrazioko langileak aske aritzeko oztopoak kentzea.

Boloniako ituna politikoa da: helburu batzuk eta horiek lortzeko tresna batzuk aipatzen ditu, baina ez du betebehar juridiko galdagarririk zehazten. Itunak 2010era arteko epea ezartzen du Europako goi mailako hezkuntza eremu bat osatzeko, bi urteko burutze faseak izango dituena. Fase horietako bakoitzaren amaieran, Ministroen Konferentziak aztertuko du zer lortu den eta etorkizunari begira zer ildo ezarri zehaztuko du.

Boloniako prozesuaren jarraipeneko lehenengo konferentzia Pragan izan zen 2001eko maiatzean. Bertan, ministroek adierazpen bat egin zuten, ordura arteko jarduera guztiak babesteko, etorkizunean jarraitu beharreko pausuak zehazteko, eta Kroazia, Txipre eta Turkia prozesuko kide moduan onartzeko.

Pragako 2001eko Adierazpenak eta  2003ko Berlineko Adierazpenak une hartara arte egindako aurrera pausuak berretsi zituzten, baita nazioarteko mintegietan ateratako ondorioak jaso ere. Ministroen azken bilera Bergen-en (Norvegia) egin zen 2005eko maiatzaren 19an eta 20an.


Bilboko campusa (mapa)
Unibertsitate etorbidea 24, 48007 Bilbao
Tel.: +34 944 139 000
e-mail:web@deusto.es
*
Donostiako campusa (mapa)
Mundaiz bidea, 50. 20012 Donostia
Tel.: +34 943 326 600
e-mail:web@deusto.es
*
*
© 2013 Deustuko Unibertsitatea - Eskubide guztiak erreserbatuta